2017*

Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Azken Portua.

2005-07-01

Espekulazioa, 2


Zestoako gazteek Hotel Irure zenaren eraikina okupatu dute, "Udalaren etxebizitza politika salatzeko"

Hamar eguneko epea eman die Udalak eraikinetik ateratzeko, eta gaur amaitzen da epea


[Iturria: Urola Kostako HITZA. Egilea: Ion Aranburu]

Duela lau aste okupatu zuten Zestoako Irure hotela zazpi gaztek, «etxebizitzen arazoari irtenbide bat emateko asmoz». Zestoako Udala da eraikinaren jabea, eta bertatik 10 egunen buruan ateratzeko epea eman zien. Epea gaur bukatzen da. Gorka Unanue, Zestoako alkateak Urola Kostako Hitzari adierazi dionez, «epea gaur bukatzen da, eta espero dugu etxea hustea. Ez bada hori gertatzen, ikusiko dugu zer egin. Irure hotela Udalarena da, baina hori gutxienekoa da. Kanpotik ematen duena baino egoera txarragoan aurkitzen da. Hotela itxi zenean, barruan txikizio handiak egin zituzten, eta egun arriskutsua da. Zerbait gertatzen bada, Udalaren ardura da, eraikina Udalarena delako. Eraikina euren kabuz uztea espero dugu, hartu duten bidea ez baita egokia».
Irure hotela okupatu zuten gazteen iritzia, ordea, bestelakoa da: «Ez dago horren egoera txarrean. Horren arriskutsua balitz, botata egongo litzateke, aldamenean errepidea eta pasealekua dituelako. Guk, behintzat, ez daukagu inolako asmorik hemendik alde egiteko».
Etxebizitzen arazoari aurre egiteko okupazioa «ez dela bide egokia» dio alkateak. «Besteen jabetzak hartu dituzte inolako baimenik eta antzekorik eskatu gabe. Argi indarra ere, herria argiztatzeko erabiltzen diren kableetatik hartu dute, eta ez zait bidezkoa iruditzen. Egia da etxebizitzen arazoa larria dela gaur egun, baina hartu duten bidea ez zait egokia iruditzen». Irure hotela dagoen lekuan, «prezio baxuko etxebizitzak» eraikitzeko asmoa omen dute Udalean. Unanuek dioenez, «lur horretan kostu baxujo etxebizitzak eraiki nahi ditugu, inola ere ez libreak. Etxebizitzekin arazo larria dago, eta merkatuko prezioetara iritsi ezin den jendearentzako etxeak eraiki nahi ditugu. Nolakoak, eta zein motakoak izango diren ez daukagu argi oraindik, baina inolaz ere ez dira libreak izango». Etxe honen okupazioaren helburua, zehazki, Zestoako etxebizitza politika salatzea dela diote okupek: «Udalak gai honetan duen jarrera oso pasiboa da, eta herrian eztabaida piztu nahi genuen. Etxeak ez dira egiten hutsik egoteko, nola usteltzen diren ikusteko, hainbeste jendek beharra izanda. Dutenentzat berriak egiten dituzten bezala, zergatik ez zaharrak eta hutsak birziklatu?». Gazteek, bada, ez dute Irure hoteletik alde egiteko asmorik.